Aurkibide nagusira joan

Nabigazio menura joan

ATOM BY ATOM

sept 28-30 2009, san sebastián, Spain

Nabigazio menura joan

Hizlariak

Carlos Bustamante

University of California, Berkeley (AEB)

Carlos Bustamante zientzietan graduatu zen Limako Cayetano Heredia Unibertsitatean (Peru). Jarraian, 1981ean, biofisikan egin zen doktore Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley, AEB). 1994ean kargurako izendatu zutenetik, Howard Hughes Medikuntza Institutuan egin du lan ikerlari gisa. Biokimikako eta biologia, fisika eta kimika molekularreko eskolak ematen ditu Berkeleyn eta, horrez gain, Lawrence Berkeley Laborategi Nazionaleko Mikroskopia Aurreratuko Departamentua zuzentzen du. Sari ugari jaso ditu bere ibilbidean eta aholkulari gisa egiten du lan, komunitate zientifikoan, Berkeleyko Unibertsitatean bereziki. Guztietan ere hainbat kargu betetzen ditu.
“Ausardiaz: motor biral batek bere ADNa paketatzeko”
“Ausardiaz: motor biral batek bere ADNa paketatzeko eta eraztun ATPasa baten azpiunitateak koordinatzeko urrats zuhurrak”


Juan Colmenero

Universidad del País Vasco/Euskal HerrikoUnibertsitatea
Materialen Fisikako Gunea, CSIC-EHU Gune Mistoa

Juan Colmenero Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da. Alemaniako Forschungszentrum Jülich (IFF) institutuko irakasle gonbidatua izan da eta nazioarteko batzorde zientifiko ugaritan hartu du parte; horien artean, Frantziako Laue-Langevin Institutua eta Jülich Centre for Neutron Science zentroa nabarmentzen dira. Horrez gain, Journal of Polymer Science Part B: Polymer Physics eta Colloid and Polymer Science aldizkari zientifikoetako batzorde editorialeko kidea da. Bere jardueraren onespen gisa, hainbat sari jaso ditu, garrantzitsuenak: Xabier Maria Munibe saria, Eusko Legebiltzarreko Zientzia eta Teknologia saria (1988), Zientzia eta Teknologiako Ikerkuntzako Euskadi saria (2000) eta Fisikako Espainiako Errege Elkarteko domina (2003).
“Molekula a molekula: automihiztatze molekularra eta nanoteknologia”


Albert Fert

Université Paris-Sud (Frantzia)
Unité Mixte de Physique CNRS/Thales
2007 URTEKO NOBEL SARIDUNA FISIKAN

Albert Fert: Matematika eta fisika arloko master programak egin zituen Albert Fertek Frantziako Goi Mailako Eskola Normalean eta, 1970ean, fisikan doktoratu zen Paris Sud Unibertsitatean; hain zuzen ere, azken unibertsitate horretako irakaslea da 1976tik. CNRS/Thales Fisikako Unitate Mistoko laborategiak bertako zuzendari zientifiko izendatu zuen Albert Fert, Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentroaren eta Thales Taldearen arteko elkarlana errazteko. Michiganeko Estatu Unibertsitateko (AEB) fisikako irakasle albokoa ere bada. 1988an, Albert Fertek magnetoerresistentzia erraldoiak burdin eta kromozko multigeruzetan duen eragina aurkitu zuen; aurkikuntza hori espintronikaren jatorri bezala onartuta dago zabalki. Albert Ferten aldi berean, Peter Grünbergek ere era independentean aurkitu zuen magnetoerresistentzia erraldoia Jülich Ikerketa Zentroan, eta, ondorioz, 2007ko Fisikako Nobel saria Albert Fertek eta Peter Grünbergek partekatu zuten.
“Espintronika: oinarriak, azken aurrerapenak eta etorkizuneko aukerak”


Félix Goñi

Universidad del País Vasco/Euskal HerrikoUnibertsitatea
Biofisikako Unitatea, CSIC-EHU Gune Mistoa

Felix Goñi Medikuntza eta kirurgia doktore egin zen Nafarroako Unibertsitatean. Londreseko Unibertsitatean (UK) osatu zituen ikasketak eta 1984. urtetik Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle albokoa izan da, baita Biokimikako eta Biologia Molekularreko katedraduna ere. 1995 eta 1999 artean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Politika Zientifikoko zuzendaria izan zen eta, jarraian, Kanadako Britainiar Columbiako Victoria Unibertsitateko irakasle bisitaria. Espainiako Biofisika Elkarteko lehendakaria ere izan zen 1994 eta 1998 artean. 2000. urtean Ikerketa Zientifikoko Euskadi saria jaso zuen, eta, harrezkero, EHUren eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) Materialen Fisikako Zentroko Biofisika Unitateko zuzendaria da.
“Nanopartikula lipidikoak: loditasuna ederra da”


Sir Harold Kroto

Florida State University (AEB)
1996 URTEKO NOBEL SARIDUNA KIMIKAN

Sir Harold Kroto: Harold Krotok kimika ikasi zuen Sheffieldeko Unibertsitatean (Ingalaterra); jarraian, espektroskopia molekularrean egin zen doktore unibertsitate berean. Bere ibilbidea Sussexeko Unibertsitatean eman du hein handi batean; hain zuzen ere, bertako irakasle emeritua da. Karbono kate luzeen inguruan egin zituen ikerketek aurkikuntza harrigarri batera eraman zuten 1970. urtean: molekula lineal horiek izarrarteko espazioan eta izarretan ere existitzen direla jakin zuen. Harold Krotok Kimikako Nobel saria partekatu zuen 1996an F. Curl Jr. eta Richard E. Smalley ikerlariekin, fullerenoak aurkitu izanagatik. 2004. urtetik Floridako Estatu Unibertsitatean (AEB) ikastaroak ematen ditu.
“Zientzia, gizartea eta iraunkortasuna”


José Maiz

Intel Corporation (AEB)

José Maiz fisikan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean 1976an eta, Ohioko Estatu Unibertsitatean 1983an Ingeniaritza Elektrikoan doktoratu eta gero, Intel Corporation multinazionalean hasi zen lanean. Intelen emandako 25 urteotan, hamaika erdieroale belaunaldiren diseinuan hartu du parte, eta, 2002tik, enpresako aholkulari ere bada. 2008an Ingeniari Elektriko eta Elektronikoen Institutuko (IEEE) saria jaso zuen zirkuitu integratuen fidagarritasuna hobetzeko egindako lanagatik.
“Nanozientzia eta nanoteknologia. Etorkizuna, errealitatea eta erronkak”


Emilio Méndez

Center for Functional Nanomaterials
Brookhaven National Laboratory (AEB)

Emilio Méndez Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean lizentziatu zen fisikan eta, jarraian, Massachusetts-eko Teknologia Erakundean (AEB) egin zen doktore. Hamabost urtez New Yorkeko IBM Watson ikerketa zentroan egin zuen lan, eta 1995. urtetik Stony Brook Unibertsitateko katedraduna da. Irakasle bisitari gorena ere izan da Japoneko NTT ikerkuntza laborategian eta Alemaniako Paul-Drude institutuan. Horrez gain, BBVA eta Iberdrolako irakasle gorena izan da Madrileko Unibertsitate Autonomoan. Espainia-Ameriketako Estatu Batuak Aholku Fundazioko kidea eta American Physical Society elkarteko ohorezko kidea ere bada. Besteak beste, Ikerkuntza Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea saria (1998) eta Gailu Kuantikoen Fujitsu saria (2000) irabazi ditu. 2006an Brookhaven National Laboratory (USA)-ko Center for Functional Nanomaterials (CFN)-ko zuzendari izendatu dute.
“Nanoteknologia eta erronka energetikoa”


Sir John Pendry

Imperial College London (Erresuma Batua)

Fisiko teorikoa da John Pendry eta Londreseko Ikastetxe Inperialeko (Erresuma Batua) Blackett laborategian egiten du lan 1981etik. Bere ibilbidea Cambridgeko Unibertsitateko Cavendish laborategian hasi zuen eta, jarraian, Zientzia eta Teknologia Kontseiluko Daresbury laborategiko teoria taldea zuzendu zuen sei urtez. Markoni enpresarekin elkarlanean hainbat metamaterial diseinatu zituen; hau da, naturan aurkitzen ez diren propietateak dituzten material erabat berritzaileak. John Pendry Londreseko Ikastetxe Inperialeko Fisikako Departamentuko burua izan zen, baita Zientzia Fisikoen Fakultateko errektorea ere. Jaso dituen sari ugarien artean, Cambridgeko Unibertsitateko Downing Collegeko eta Ingeniari Elektriko eta Elektronikoen Institutuko (IEEE) ohorezko bazkide izendatu izana daude. Horrez gain, Erresuma Batuko Sir titulua ere jaso zuen zientziari egindako ekarpena dela eta.
“Transformazio optika eta nanoteknologia”


Heinrich Rohrer

Fisikako Nobel saria 1986an

Heinrich Rohrer Suitzako Buchs herrian jaio zen. 1960an fisika esperimentalean doktoratu zen Zuricheko (Suitza) Teknologiako Institutu Federalean; doktoratzeko, supereroankortasunari buruzko tesi bat egin zuen. New Jerseyko (AEB) Rutgers Unibertsitatean doktoratu osteko bi urteko programa bat egin ondoren, 1963an IBMk Zurichen duen ikerketa laborategian hasi zen lanean. Hainbat arlotan espezializatu da Rohrer, besteak beste Kondo sistemak, faseko trantsizioak, fenomeno multikritikoak, tunel efektuko ekorketa mikroskopia, eta, berrikiago, nanomekanika. 1997an IBMn erretiroa hartu eta gero, ikerlari bezala hainbat kargu bete ditu Madrileko CSICn eta Japoniako RIKENen.
Gerd Binningekin elkarlanean asmatu zuen tunel efektuko ekorketa mikroskopia dela eta, 1984an Faisal erregeak emandako sari berezia eta Hewlett Packard Eurofisika saria jaso zituen bere lankidearekin batera. Gero, 1986an, Fisikako Nobel saria jaso zuten biek. 1987an, Pensilvaniako (AEB) Filadelfia hiriko Flankin Institutuak Cresson domina eman zion. Tunel efektuko erorketa mikroskopioaren aplikazio praktikoaren aitortza gisa, 1994an JULeko Asmatzaileen Galeria Nazionalean sartu zuten aurkikuntza. Elkarte profesional eta akademia ugariko kide da Rohrer maisua eta, horrez gain, hainbat unibertsitatek honoris causa doktore izendatu dute.