ATOM BY ATOM biltzarra nanoGUNE Nanozientzietako Ikerketa Zentro Kooperatiboaren eta DIPCren (Donostia International Physics Center) ekimena da eta honako hau bilatzen du: elkarrizketa joria eta etengabekoa eratzen laguntzea zientziaren eta gizartearen artean, zientzialarien eta herritarren artean. Guztia ere testuinguru intelektual aske eta tolerante baten barruan zientziaren aurrerapen sozial arduratsua lortzeko lagungarri izan dadin.
ATOM BY ATOM kongresuak bi atal izan ditu, elkarren artean osagarriak: batetik, nazioarteko komunitatea zientifikoari zuzendutako atala (NANO2009 izenburua duena), eta, bestetik, publikoari oro har zuzendutako atal orokorra.
Sail orokorraren barruan hainbat hitzaldi emango dira gai-abaniku zabal bat hartuta; guztiak ere interes handikoak izango dira gizarterako eta nanoteknologiak inpaktu handia izango du haietan: elektronika, osasuna, material berriak, fotonika, etab. Konferentzia programa orokor hau arratsaldeetan garatuko da, eta dohainik sartu ahal izango da edonor. Antolaketa lanak errazteko, hementxe eman dezakezu izena doan.
NANO2009 saila, berriz, nazioarteko biltzar zientifiko gisa garatuko da eta Donostian 2006ko irailean egin zen «Perspectives in nanoscience and nanotechnology – NANO2006» lan tailerraren jarraipen modura planteatzen da. Nanozientzia eta nanoteknologiako nazioarteko zientzia komunitateari zuzendua dago, eta sei saioren inguruan artikulatuko da: nanomagnetismoa, nanooptika, automihiztatzea, nanobioteknologia, nanogailuak, eta teoria eta simulazioa nanoeskalan. NANO2009 atalera ikertzaileek bakarrik sartu ahal izango dute; horretarako, NANO2009 helbidean eman dezakete izena eta bertan aurkez ditzakete beren lanak.